Loa eta Laia telesailaren aurkezpena

Haurrei eta familiei zuzendua, euskaratik eta euskaraz sortutako eta musika ardatz duen proiektua da. Ingurune digitalean bideratzen da eta euskal kultura, ohiturak eta gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatzea du helburu.

Bilboko euskararen etxean prentsaurrekoa

Loa eta Laia telesailaren aurkezpena Bilboko Euskararen Etxean gauzatu da. Ekitaldi honetan parte hartu dute: Josu Bergara, musikari eta publizista da ideiaren sortzailea eta musikaren egilea; Paul Caballero, proiektuaren ilustratzailea eta sustatzailea; eta Ane Martinez eta Leire Aparicio, abeslariak. Bertan izan dira ere Nerea Alberdi eta David Sánchez Damián, musikaren moldaketa eta produkzio arduradunak.

Loa eta Laiaren aurkezpena

Marrazki bizidun digitalak

Marrazki bizidun digitalak dira Loa eta Laia bi protagonistak, eta haien inguruan sortu den unibertsoarekin batera, musikaren bidez gai eta balore ezberdinak landuko dituztenak. Ingurune digitalean jaio eta bizi dira Loa eta Laia, webgune eta YouTubeko kanal propioekin.

2 eta 7 urte bitarteko haurrentzako eta familientzako zuzendutako egitasmo berri hau euskaraz sortutako marrazki bizidun digitalez osatutako proposamena da.

Musika eta euskara ardatz nagusiak

Musika eta euskara dira egitasmoaren ardatzak eta bi pertsonaia hauek eta inguruan dituzten beste lagun batzuekin batera, euskaraz eta Euskal Herrira begira ohiturak transmititu, edukiak landu eta ekintzak proposatuko dituzte. Beti ere gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatuz eta modu atsegin, didaktiko eta erabilgarri batean.

Horrela, euskal kultura eta gizartearekin lotutako egun handiak edota ohiturekin erlazionatutako ekintzak hartuta, hala nola, Gau Beltza edo Euskararen Eguna, adibidez, horiekin lotutako propio sortu diren abestien bidez, transmisioa landuko da.

Zabaltzea eta babesletza

Horrelako egitasmo batek euskaldunon laguntza du beharrezko ezagutzera emateko. Laguntza hau keinu sinboliko bat izan daiteke, sare sozialetan jarraitzea edo lagun eta ezagunen artean zabaltzea.

Loa eta Laiaren arduradunek proiektuak laguntza eta babesletza publikoa jasotzeko kanpaina abiatuko dute laster.
 Esan bezala, aukerak oso zabalak dira eta modu ezberdinetan egin daiteke: zabaltzen eta inguruan ezagutzera emanez; YouTubeko kanalera harpidetuz, kapitulu guztiak jarraitzeko; Loa eta Laiaren marrazkiekin sortuko diren produktu eta opari ezberdinak eskuratuz; eta enpresa edota erakundeei zuzendutako babesletza programaren bitartez.